jueves, 29 de noviembre de 2018

2018-11-28


1994/1995 denboraldia oso garrantzitsua izan zen Ordizia E.T.rentzako, klubak, bere bizitza motzean, lehenengo aldiz lau talde (2 kadete -neskak eta mutilak-, jubenil 1 eta senior 1) lehiatzen jarri zituen. Talde gehiagorekin batera, lana ere areagotu zen.

Senior taldeak igoera lortzeko itxaropenarekin hasi zuen denboraldia, baina arazo ezberdinak zirela medio (lesioak eta lan arazoak, joko mailaren irregulartasuna....) ez zuten beren helburua erdietsi. Gauza bera gertatu zen gero Federazio Txapelketan. Alderdi oso onak egon ziren hala ere, horien artean, Iñaki Insaustiren aurreratze ikaragarria, mailako jokalari onenen pare ibili baitzen. Azpimarratu behar da, denboraldiaren hasieratik bukaerara jubenil mailako jokalariak erabili zirela senior mailan, itxaropenari ate bat zabalduz, taldean elkartzen ziren jokalari oso gazteek esperientziadunetatik ikasi baitzuten. Ez da ahaztu behar entrenatzailearen papera, Pedro Mª Valorrek ez zuen atzean gelditu nahi eta Nazio mailako entrenatzaile titulua atera zuen, etorkizunari begira oinarri sendo bat izan zitekeena.



ZUTIK: Juantxo, Juanjo, Manu,  Iñaki, Josean, Kiko, Oskar, Medu, Fernando, Izaro, Pedro
MAKURTUTA: Xabier, Manolo, Pifo, Gabi, O. Rodriguez, Alayn, Igor, Juan Ramón.


jueves, 22 de noviembre de 2018

2018-11-19

1993-1994 denboraldian talde senior bat, Bigarren Territorialean aritu zena, jubenil bat, eta bi infantil, bat neskena eta bat mutilena izan zituen klubak. Senior taldea maila denboraldia hobeagoa izan zitekeen arren, balekoa izan zela esan daiteke. Denboraldi honetako taldearen ibilbidea oso irregularra izan da, aparteko garaipenak izan ditu eta porrotak oso nabarmenak. Asier Zabala, senior mailako jokalaria, izan zen, Gipuzkoa mailan, bigarrena golegile sailkapenean

Talde jubenila jokalariak maila oso polita ematera iritsi ziren, eta bai Ligan bai Kopan sailkapenetan goran ibili ziren. Infantil mailako taldeen ibilbidea oso ona izan da, mutilek Ordizian jokatu ziren Eskolako Jokoak bereganatu zuten, 5 partidu irabazita eta 1 galduta. Neskek, berriz, Zumarragako Torneoa, 7 partidu irabazita eta 1 berdinduta 


Argazkian, urte askotan Ordizian eskubaloiaren alde lan egin dutenak eta urte horietan epaile lana betetzen zituenak Patxi Muriel eta Juan Maria Garmendia
 


2018-11-08

1993-1994 denboraldian kokatzen gara gaurkoan. Denboraldiari hasiera emateko eta  Kilometroak 93 jaiaren barruan, goi mailako partidu bat ikusi ahal zen Majori Kiroldegian, Eibarko Arrate eta Iruñako Anaitasunaren artean. Urteroko legez, Erregeetako Txapelketa ospatu zen,  1994ko urtarrilan 6an. Urte honetan Arratek, Goierriko Selekzioak eta Iberdrolak hartu zuten parte, eta eibartarrak izan ziren garaile.

Denak ez ziren albiste onak izan denboraldi honetan, martxo aldean jubenil taldeko jokalaria zen Jesus Mari Caro “Txeru” hil baitzen. 1994ko maiatzaren 28an kublak eta Txeru-ren kirol lagunak bere omenezko partidu bat antolatu zuten, Ordizia eta Gipuzkoako jubenil mailako selekzio artean.


JESUS MARIA CARO “TXERUREN” OMENALDIAN (1994-05-28)
ZUTIK: Pedro, Medu, Iñigo, Pifo, Josean, Iñaki, Petxarroman, Javi Perez, Kepa, Fernando, Gerardo

MAKURTUTA. Jose Maria, Asier, Juan Carlos, Igor, Oscar, Gabi, Alayn, Luis, Javi, Juan Ramon
 


jueves, 25 de octubre de 2018

2018-10-24



1992-1993 denboraldian talde senior bat, Bigarren Territorialean aritu zena, eta jubenil bat izan zituen klubak. Senior taldea maila berrian aritu zen, eta denboraldia hobeagoa izan zitekeen arren, balekoa izan zela esan daiteke. Denboraldi honetako taldearen gaztetasuna nabarmendu behar da, partidu guztietan irabazteko borrokan aritzera eraman zien hein handi batean. Jokalarien hobekuntza ikaragarria izen zen eta klubean oso pozik geratu ziren hurrengo denboraldiari begira.

Talde jubenila jokalari berriekin osatu zen, aurreko urtean ibilitakoak senior mailara pasatu baitziren. Denboraldian zehar asko ikasten joan ziren, lehen urtea zenez helburu nagusi eta ia bakarra zena. Lehiaketaren bukaerara iritsi ahala, maila oso polita ematera iritsi ziren jokalari ordiziarrak.

II. EGUBERRI TORNEOA antolatu zen ondorengo partaideekin: La Salle Legazpi, Urola, Aloña Mendi eta Ordizia. Legazpiko taldea zen faborito nagusia, garai hartan Bigarren Nazionalean baitzebilen, eta iragarpenak beteaz torneoa Legazpira eraman zuten. Ordiziako taldeak laugarren postuan erdietsi zuen.





Denboraldiaren bukaeran,1993ko uztailan, albiste onenak etorri ziren, Ordiziako hiru jokalari Insausti, Dorado eta Medu Eibarrera joan ziren Ohorezko mailan zegoen Arrate taldearekin proban.



jueves, 18 de octubre de 2018

2018-10-17

1991-92 denboraldian klubak gure kirola jendartera gerturatzeko egindako ahaleginekin jarraituko dugu gaurkoan. Aurreko astean aipatu moduan, Moskuko CSKA eta Arrateren arteko partidua ekarri zen Ordiziara, baina ez zen denboraldi hartan Majorin jokatu zen lehen mailako partidu bakarra izan. Hasiera batean, 1992ko urtarrilerako Bidasoa eta Arrateren artekoa antolatuta egon arren, arazo batzuk zirela medio, ezin izan zen aurrera eraman.


Horren ordez, maiatzak 30ean partidu sorta polita ekarri zuten gure herrira antolatzaileek. Partidu nagusi modura San Antonio eta Bidasoaren artekoa jarri zuten, Gipuzkoako kadete eta jubenil mailako Kopako Finalekin batera. Hau gutxi ez, eta ekainaren erdialdean XV. Euskadiko lurraldekako selekzioen arteko txapelketa ere jokatu zen Majorin.

2018-10-10


Aurreko asteko istorioaren denboraldian jarraituko dugu gaurkoan, 1991-1992 denboraldian alegia. Kasu honetan, gure klubeko taldeetatik haratago doan gertaera nabarmen bat ekarriko dugu gogora, Ordizian bertan jazotakoa betiere.
1992ko maiatzaren 14ra salto egin eta Moskuko CSKA eta Eibarreko Arrate taldeek Majorin jokatutako partidua ekarriko dugu gogora. Partidua gure herrian antolatzearen helburua bat eta bakarra zen, goi mailako eskubaloiaren bitartez gure kirola jendeari gehiago gerturatzea.



Partidua bera baino, partidutik kanpoko bitxikeria bat azpimarratu nahi dugu lerro hauen bitartez. Aipatutako Moskuko taldeak Oiangu baserrian hartu zuen ostatu. Garai hartan, SESBetik zetozen taldeek maila goreneko kabiarra ekarri ohi zuten, saldu eta dibisak lortzeko asmotan, errusiar talde honen egonaldian gertatu moduan. Dirudienez, ordiziar sukaldari ospetsu batek, ekarritako kabiar guztia erosi eta bere jatetxean eskaini omen zuen.
Kirolari bikainak izateaz gain, negozio-gizon modura ere trebeak zirela erakutsi zuten errusiarrek.

miércoles, 3 de octubre de 2018

2018-10-03







 
6 denboraldi igarota, berriro ikusi ahal izan ziren eskubaloia partiduak Ordiziako kirol instalazioetan. 1991-1992 denboraldian talde jubenil bat izan zuen klubak, Gipuzkoako Bigarren mailan. Denboraldi bikaina egin eta 1. postua erdietsi ostean, igoera lortu zuen talde ordiziarrak.

Hasiera kaxkarra izan arren, denboraldiak aurrera egin ahala taldearen jokoa nabarmen hobetuz joan zen. Hobekuntza honek emaitzak izan zituen, aurreko lerroetan aipatu bezala, eta datuak dira honen erakusgarri: 286 golekin talde golegileena izan zen eta 206ekin gol gutxien jaso zituena.





Argazkian ikus ditzazkegu aztergai daukagun taldearen partaideak: Dorado, Escobar, Medu, Pepelu, Nieto, Olea, Jose Pedro, Cadarso, Pifo, Soto, Esnaola, Igor eta Intsausti. Txomin eta Valor entrenatzaileak ere ezin ditugu ahaztu. Argazkian antzeman daiteke nola Majoriko pista estalia erabilgarri zegoen jadanik.

miércoles, 26 de septiembre de 2018

2018-09-26

1984ko azaroaren 11 eta 12ko asteburuan hasi ziren 1984-85 denboraldiari zegozkien partiduak. Denboraldi horretan, Ordizian talde bakar bat izan zen, Lurraldeko 2. mailan aritu zena.  Orokorrean, taldearentzako denboraldi nahiko txukuna izan zela esan daiteke, 12 partidutik 4 irabazteko gai izan baitziren.

Denboraldi honen ostean, klubaren aktibitatea desagertu egin zen, hurrengo urteetan ezin izan baitzen talderik atera. Bata bestearen segidako 5 denboraldi eta gero, ordiziar herria eskubaloi talderik gabe geratu zen berriro ere. Sei urte igaro behar izan ziren eskubaloi ordiziarraren presentzia gipuzkoar txapelketetara bueltatzeko.


Aipaturiko azken partiduak estali gabeko instalazioetan jokatutako azkenak izan ziren, 1991tik aurrerakoak egun ondo ezagutzen dugun Majori Kiroldegian jokatu baitziren.  Era honetara, belar zelaietako 11ko eskubaloia eta estali gabeko kantxetako 7ko eskubaloia alde batera geratuz joan ziren.



2018-09-19

1983ko urriaren 15 eta 16ko asteburuan hasi ziren 1983-1984 denboraldiari zegozkien partiduak. Ordiziarren lehen partidua kadete mailako taldeak jokatu zuen Antonianosen (Zarautz) aurka, Ordizian, eta 17-20 izan zen azken emaitza. Aipatutako denboraldiaren hasierako albiste pozgarriena klubaren bigarren taldearen agerpenarena izan zen, kadete mailakoaren alegia.

Orokorrean, bi taldeentzako nahiko denboraldi txukuna izan zela esan daiteke: seniorrek 12 partidutik 6 irabazi eta bat berdintzeko gai izan ziren, kadeteek aldiz, 3 irabazi ahal izan zituzten.

Gaurko istorioa kokatzen den urteetan Gipuzkoako eskubaloia punta-puntan zegoen.  Ohorezko Mailan, emakumeena, 3 talde gipuzkoarrek hartzen zuten parte: Hernani (denboraldi honetan Kopako txapeldun-orde izan zena), Aiete eta Zarautz. Gizonezkoei zegokienez, Elgorriagak espainiako ligan 5. postuan amaitu zuen.
Irudian ikusten den taldea garai hartan Aiete izenez ezagutzen zenarena da. 1982-1983 denboraldian IHF txapelketan hartu zuen parte eta haien ibilbidea final zortzirenetan amaitu zen Avtomobilist Baku (URSS) taldearen aurkako porrotaren ondorioz.

2018-09-12






1982ko urriaren 23-24ko asteburuan hasi ziren 1982-1983 denboraldiko eskubaloi partidu federatuak. Lehenengo partidua Loyolaren aurka jokatu zuten ordiziarrek, etxetik kanpo, eta 14 eta 15eko emaitzarekin lehen garaipena ekarri zuten etxera.
Talde ordiziarrak denboraldi hartan 3 txapelketetan (Liga, Kopa eta Udaberriko txapelketa) hartu zuen parte. Denboraldi nahiko txukuna izan zela esan daiteke: 20 partidutik 4 irabazi, 1 berdindu eta galdutakoetatik 7 hiru gol baina gutxiagogatik izan ziren
Egungo eskubaloia eta ordungoa alderatuz gero, baloiak ziren faktorerik ezberdinena. Lehen, Larruzko baloiak erabiltzen zituzten, egun aldiz "grip" sintetikodun baloiak erabiltzen dira, baloiaren erabilgarritasuna nabarmen aldatzen duena
Gaur egun, "pega" erabiltzen dugu baloia hobeto hartzeko, nahiko berria dena. Juan de Dios Romanek zioenez, 80ko hamarkadan hasi ziren Europa mailan lehiatzen zuten gure inguruko taldeak "pega" ezagutu eta erabiltzen, Europa iparraldeko ia talde guztiak asko erabiltzen baitzuten. Gaur, senior eta jubenil taldeetara bakarrik mugatzen da gure kirolaren bereizgarri nagusienetako bat bihurtu den masa itsaskor honen erabilera.

jueves, 6 de septiembre de 2018

2018-09-05

Urte batzuetan zehar Ordiziako Oianguren Institutuko pistan jokatzen ziren partiduak, argazkian ikus daitezkeen instalazioetan alegia.






Dakigunaren arabera, entrenamenduak San Ignacio Ikastetxean egiten ziren, egungo Jakintza Ikastola. Pistak estalik gabekoa ziren, baina euria edo elurra eginda ere partiduak berdin-berdin jokatzen ziren. Jokatzeko baldintzak erabat aldatu dira gaur, beti estalpean eta, nola ez, berogailuarekin.


miércoles, 29 de agosto de 2018

2018-08-29





1981eko azaroaren 7 eta 8ko asteburuan koka gaitezke Ordizian Ordiziako talde baten lehenengo eskubaloi partidu federatua. Partidu hori Debaren aurka izan zen eta Ordiziako taldeak galdu zuen, 15-20 izan zen azkeneko emaitza. Ez dakigu nortzuk ziren jokalariak ezta non jokatu zuten ere, uste dugu Institutuko pistan izan zela

Talde ordiziarrak denboraldi nahiko txukuna egin zuen: Ligan, 3. Mailan, 12 partidutik 3 irabazi zituzten. Kopan ikusi zen taldearen aurrerapena, 8 partidutik 4 irabaziz.