jueves, 25 de octubre de 2018

2018-10-24



1992-1993 denboraldian talde senior bat, Bigarren Territorialean aritu zena, eta jubenil bat izan zituen klubak. Senior taldea maila berrian aritu zen, eta denboraldia hobeagoa izan zitekeen arren, balekoa izan zela esan daiteke. Denboraldi honetako taldearen gaztetasuna nabarmendu behar da, partidu guztietan irabazteko borrokan aritzera eraman zien hein handi batean. Jokalarien hobekuntza ikaragarria izen zen eta klubean oso pozik geratu ziren hurrengo denboraldiari begira.

Talde jubenila jokalari berriekin osatu zen, aurreko urtean ibilitakoak senior mailara pasatu baitziren. Denboraldian zehar asko ikasten joan ziren, lehen urtea zenez helburu nagusi eta ia bakarra zena. Lehiaketaren bukaerara iritsi ahala, maila oso polita ematera iritsi ziren jokalari ordiziarrak.

II. EGUBERRI TORNEOA antolatu zen ondorengo partaideekin: La Salle Legazpi, Urola, Aloña Mendi eta Ordizia. Legazpiko taldea zen faborito nagusia, garai hartan Bigarren Nazionalean baitzebilen, eta iragarpenak beteaz torneoa Legazpira eraman zuten. Ordiziako taldeak laugarren postuan erdietsi zuen.





Denboraldiaren bukaeran,1993ko uztailan, albiste onenak etorri ziren, Ordiziako hiru jokalari Insausti, Dorado eta Medu Eibarrera joan ziren Ohorezko mailan zegoen Arrate taldearekin proban.



jueves, 18 de octubre de 2018

2018-10-17

1991-92 denboraldian klubak gure kirola jendartera gerturatzeko egindako ahaleginekin jarraituko dugu gaurkoan. Aurreko astean aipatu moduan, Moskuko CSKA eta Arrateren arteko partidua ekarri zen Ordiziara, baina ez zen denboraldi hartan Majorin jokatu zen lehen mailako partidu bakarra izan. Hasiera batean, 1992ko urtarrilerako Bidasoa eta Arrateren artekoa antolatuta egon arren, arazo batzuk zirela medio, ezin izan zen aurrera eraman.


Horren ordez, maiatzak 30ean partidu sorta polita ekarri zuten gure herrira antolatzaileek. Partidu nagusi modura San Antonio eta Bidasoaren artekoa jarri zuten, Gipuzkoako kadete eta jubenil mailako Kopako Finalekin batera. Hau gutxi ez, eta ekainaren erdialdean XV. Euskadiko lurraldekako selekzioen arteko txapelketa ere jokatu zen Majorin.

2018-10-10


Aurreko asteko istorioaren denboraldian jarraituko dugu gaurkoan, 1991-1992 denboraldian alegia. Kasu honetan, gure klubeko taldeetatik haratago doan gertaera nabarmen bat ekarriko dugu gogora, Ordizian bertan jazotakoa betiere.
1992ko maiatzaren 14ra salto egin eta Moskuko CSKA eta Eibarreko Arrate taldeek Majorin jokatutako partidua ekarriko dugu gogora. Partidua gure herrian antolatzearen helburua bat eta bakarra zen, goi mailako eskubaloiaren bitartez gure kirola jendeari gehiago gerturatzea.



Partidua bera baino, partidutik kanpoko bitxikeria bat azpimarratu nahi dugu lerro hauen bitartez. Aipatutako Moskuko taldeak Oiangu baserrian hartu zuen ostatu. Garai hartan, SESBetik zetozen taldeek maila goreneko kabiarra ekarri ohi zuten, saldu eta dibisak lortzeko asmotan, errusiar talde honen egonaldian gertatu moduan. Dirudienez, ordiziar sukaldari ospetsu batek, ekarritako kabiar guztia erosi eta bere jatetxean eskaini omen zuen.
Kirolari bikainak izateaz gain, negozio-gizon modura ere trebeak zirela erakutsi zuten errusiarrek.

miércoles, 3 de octubre de 2018

2018-10-03







 
6 denboraldi igarota, berriro ikusi ahal izan ziren eskubaloia partiduak Ordiziako kirol instalazioetan. 1991-1992 denboraldian talde jubenil bat izan zuen klubak, Gipuzkoako Bigarren mailan. Denboraldi bikaina egin eta 1. postua erdietsi ostean, igoera lortu zuen talde ordiziarrak.

Hasiera kaxkarra izan arren, denboraldiak aurrera egin ahala taldearen jokoa nabarmen hobetuz joan zen. Hobekuntza honek emaitzak izan zituen, aurreko lerroetan aipatu bezala, eta datuak dira honen erakusgarri: 286 golekin talde golegileena izan zen eta 206ekin gol gutxien jaso zituena.





Argazkian ikus ditzazkegu aztergai daukagun taldearen partaideak: Dorado, Escobar, Medu, Pepelu, Nieto, Olea, Jose Pedro, Cadarso, Pifo, Soto, Esnaola, Igor eta Intsausti. Txomin eta Valor entrenatzaileak ere ezin ditugu ahaztu. Argazkian antzeman daiteke nola Majoriko pista estalia erabilgarri zegoen jadanik.