miércoles, 26 de septiembre de 2018

2018-09-26

1984ko azaroaren 11 eta 12ko asteburuan hasi ziren 1984-85 denboraldiari zegozkien partiduak. Denboraldi horretan, Ordizian talde bakar bat izan zen, Lurraldeko 2. mailan aritu zena.  Orokorrean, taldearentzako denboraldi nahiko txukuna izan zela esan daiteke, 12 partidutik 4 irabazteko gai izan baitziren.

Denboraldi honen ostean, klubaren aktibitatea desagertu egin zen, hurrengo urteetan ezin izan baitzen talderik atera. Bata bestearen segidako 5 denboraldi eta gero, ordiziar herria eskubaloi talderik gabe geratu zen berriro ere. Sei urte igaro behar izan ziren eskubaloi ordiziarraren presentzia gipuzkoar txapelketetara bueltatzeko.


Aipaturiko azken partiduak estali gabeko instalazioetan jokatutako azkenak izan ziren, 1991tik aurrerakoak egun ondo ezagutzen dugun Majori Kiroldegian jokatu baitziren.  Era honetara, belar zelaietako 11ko eskubaloia eta estali gabeko kantxetako 7ko eskubaloia alde batera geratuz joan ziren.



2018-09-19

1983ko urriaren 15 eta 16ko asteburuan hasi ziren 1983-1984 denboraldiari zegozkien partiduak. Ordiziarren lehen partidua kadete mailako taldeak jokatu zuen Antonianosen (Zarautz) aurka, Ordizian, eta 17-20 izan zen azken emaitza. Aipatutako denboraldiaren hasierako albiste pozgarriena klubaren bigarren taldearen agerpenarena izan zen, kadete mailakoaren alegia.

Orokorrean, bi taldeentzako nahiko denboraldi txukuna izan zela esan daiteke: seniorrek 12 partidutik 6 irabazi eta bat berdintzeko gai izan ziren, kadeteek aldiz, 3 irabazi ahal izan zituzten.

Gaurko istorioa kokatzen den urteetan Gipuzkoako eskubaloia punta-puntan zegoen.  Ohorezko Mailan, emakumeena, 3 talde gipuzkoarrek hartzen zuten parte: Hernani (denboraldi honetan Kopako txapeldun-orde izan zena), Aiete eta Zarautz. Gizonezkoei zegokienez, Elgorriagak espainiako ligan 5. postuan amaitu zuen.
Irudian ikusten den taldea garai hartan Aiete izenez ezagutzen zenarena da. 1982-1983 denboraldian IHF txapelketan hartu zuen parte eta haien ibilbidea final zortzirenetan amaitu zen Avtomobilist Baku (URSS) taldearen aurkako porrotaren ondorioz.

2018-09-12






1982ko urriaren 23-24ko asteburuan hasi ziren 1982-1983 denboraldiko eskubaloi partidu federatuak. Lehenengo partidua Loyolaren aurka jokatu zuten ordiziarrek, etxetik kanpo, eta 14 eta 15eko emaitzarekin lehen garaipena ekarri zuten etxera.
Talde ordiziarrak denboraldi hartan 3 txapelketetan (Liga, Kopa eta Udaberriko txapelketa) hartu zuen parte. Denboraldi nahiko txukuna izan zela esan daiteke: 20 partidutik 4 irabazi, 1 berdindu eta galdutakoetatik 7 hiru gol baina gutxiagogatik izan ziren
Egungo eskubaloia eta ordungoa alderatuz gero, baloiak ziren faktorerik ezberdinena. Lehen, Larruzko baloiak erabiltzen zituzten, egun aldiz "grip" sintetikodun baloiak erabiltzen dira, baloiaren erabilgarritasuna nabarmen aldatzen duena
Gaur egun, "pega" erabiltzen dugu baloia hobeto hartzeko, nahiko berria dena. Juan de Dios Romanek zioenez, 80ko hamarkadan hasi ziren Europa mailan lehiatzen zuten gure inguruko taldeak "pega" ezagutu eta erabiltzen, Europa iparraldeko ia talde guztiak asko erabiltzen baitzuten. Gaur, senior eta jubenil taldeetara bakarrik mugatzen da gure kirolaren bereizgarri nagusienetako bat bihurtu den masa itsaskor honen erabilera.

jueves, 6 de septiembre de 2018

2018-09-05

Urte batzuetan zehar Ordiziako Oianguren Institutuko pistan jokatzen ziren partiduak, argazkian ikus daitezkeen instalazioetan alegia.






Dakigunaren arabera, entrenamenduak San Ignacio Ikastetxean egiten ziren, egungo Jakintza Ikastola. Pistak estalik gabekoa ziren, baina euria edo elurra eginda ere partiduak berdin-berdin jokatzen ziren. Jokatzeko baldintzak erabat aldatu dira gaur, beti estalpean eta, nola ez, berogailuarekin.